Mostrando entradas con la etiqueta multimedia produktuen kalitate linguistikoaren kudeaketarako irizpideak eta baliabideak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta multimedia produktuen kalitate linguistikoaren kudeaketarako irizpideak eta baliabideak. Mostrar todas las entradas

jueves, 27 de enero de 2011

Euskararen garabide estilistiko eta funtzionala multimedia alorrean

Egungo komunikabideen erronka interneteko testuek (ahozko nahiz idatzikoek) kalitate linguistikoa ez galtzea da. Izan ere, internetera zuzenduriko testuak ezin dira kalitate baxukoak izan, hain zuzen, interneterako direlako.

Pentsatu daiteke, interneteko testuak erraz eta azkar kontsumituak izan daitezen sortuak direnez, kalitatea galdu dutela egunkarian agertzen den edozein albisterekin konparatuta. Baina ez da horrela! Edo ez du horrela izan behar behinik behin. Interneteko testuek kalitate bera izan behar dute gainerako euskarrietan dauden albiste edo informazioekin alderatuta. Komunikabideen erronka hor dago eta baita prestigioa lortzeko edo mantentzeko aukera ere.

Hori dela eta, testu hauen interaktibitatean, zabalkundean eta konektibitatean esaterako, eduki linguistikoak zaindu beharreko alorrak dira. Albiste baten zabalkunerako, ahalik eta ondoen finkatu behar da kalitate linguistikoa. Produktuaren zabalkundea gero eta hedatuagoa izateko, kalitatea bermatu egin behar da.
Konektibitatearen kasuan ere gauza bera gertatzen da. Hipertestuen bidez, informazio batetik bestera igarotzen gara, eta guk, bi informazio horiek kalitate antzekoa duten bermatu behar dugu. Horrela, hartzailearen ezaugarri soziolinguistikoek ulertuko duten pentsatu behar dugu. Izan ere, interaktibitatean, hartzaileak hartzen du parte eta nahiz eta hemen, hartzailearen kalitate linguistikoak ezin ditugun kontrolatu, ez da aukera txarra erregistratzeko beharra egotea zenbait web guneetan.

Beraz, testuak sortzeko garaian kalitatea zaindu beharrreko faktorea dugu. Behar beharrezkoa gainera! Horretarako, hainbat kontsulta gune dauzkagu eta tresna hauek ikastea ere garrantzitsua da. Zalantzak argitzeko elementu garrantzitsu eta interesgarriak baitira.

Tresna eta baliabide linguistikoen analisia

Harridura sentitu dut hainbeste baliabideren inguruan aurkitu naizenean. Ohikoak diren Xuxen, Hiztegi 3000 eta Euskaltzaindiaz gain, hainbat tresna ezagutu berri ditut. Guztiak baliagarriak eta eraginkorrak. Zer esanik ez gainera guretzat, komunikatzaileentzat!

Hizkuntza arauak azaltzen dituzten web orrialdeak, euskalkiak ezagutarazten dituztenak, terminologiak kontsultatzeko aukerak eskaintzen dituztenak, corpus ezberdinak, egungo ereduzko prosan hobesten diren esaldi edo hitzak, ...

Baliabide eta tresna asko ditugu esku artean. Arazoa beharbada, erabiltzaileen ez-jakintasunean aurkitzen da. Hainbeste aukeren artean, eta erabiltzailearen kontsulta mailaren arabera, tresna bat edo beste aukeratu behar izaten da. Honek, denbora galtzea suposatzen du askotan (ez bada ongi ezagutzen tresna); batean begiratu, beste kontsulta orrialde batean, corpus honetan, ... azkenean, kontsultatzeko zalantza hori beharbada ez da asetzen!

Ondorioz, tresna eta baliabide hauek zalantzak sortu baino lehen ezagutaraztea komeni da. "Saltseatu", beharra sortzen denerako prestatuak harrapa gaitzan!

Kalitatezko euskararen hatsarreak

Euskarazko testuen kalitatea erabakitzeko 3 parametro nagusi daude: zuzentasuna, jatortasuna eta egokitasuna.
Zuzentasuna, hizkuntzaren alderdi formalei dagokio. Hau da, arauei.
Jatortasuna berriz, norbanakoak jaso duen euskarari egiten dio erreferentzia; ikasi duena, usadioari dagokiona.
Egokitasuna aldiz, helbururako erabiltzen den euskarari esaten zaio. Sujetuak duen helburuaren arabera esango da hizkuntza egoki erabili duen edo ez, alegia.

3 parametro hauek zehazten dute euskararen kalitatea. Zuzentasuna, hizkuntza ikastearekin batera dator. Hizkuntza bera menperatuta izan ezkero ere, ez da ziurtatzen zuzentasuna ehuneko ehunean baina hizkuntzaren arauak, hizkuntza bera ikastean datozen legeak dira.

Jatortasunarekin gauzak aldatzen dira. Euskararen kasuan are gehiago; izan ere, hainbat euskalki ezberdin daude Euskal Herri osoan! Gizabakoaren maila soziolinguistikoak eta adinak ere jatortasunean eragiten du. Hots, ez dute berdin hitz egiten gazte edo heldu batek.
Euskalkiak aberatsak dira herri batentzat. Aniztasuna adierazten dute eta hori aberasgarria eta interesgarria da. Arazoa euskalki ezberdineko pertsonen artean hizkuntzaren kalitatea aztertzerakoan sortu daiteke. Alegia, euskalki ezberdineko batek ezin izango du beste euskalkia jatorra den edo ez adierazi, ez baitu kontrotzen edo ezagutzen. Gainera, zenbait alorretan euskararen jatortasuna erabiltzea ez da komeni. Esaterako, komunikabideetan. Kasu honetan, batasuna hobesten da; hau da, euskara batua. Salbuespenak daude, Wazenmank edo Oilategia esaterako. Bertako protagonistek euskara jatorra erabiltzen dute eta guztiz onartua dago. Umorea euskalkietan hobeto ulertzen da eta eraginkorragoa da. Bestela artifiziala geratuko zen ...

Egokitasunaren kasuan, norbanako bakoitzak aukeratu behar ditu euskararen baliabideak kasu bakoitzetarako. Horren arabera erabakiko da ahozko nahiz idatzizko testua kalitatezkoa den ala ez. Ez da hautaketa erraza izaten, baina sujetuak duen helburuaren arabera, egokitzeko gaitasuna landu behar du bai hizkuntzarekin, gorputz adierazpenarekin ...