Mostrando entradas con la etiqueta musika. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta musika. Mostrar todas las entradas

jueves, 27 de enero de 2011

Airezko globoen gisan “Goraka”

Antton Aranbururen kontzertuan egoteko zortea izan nuen bart Zarautzen. Leku intimoa, publiko selektoa eta ahots eta musika doinu itzelak! Atmosfera polita sortu zen Zarauzko Euskalduna tabernan.


Antton Aranburu Busturian jaio baina Gasteizen bizi den musikaria da. Lehenengo diskaren abestiak aurkeztu zituen Bidaiari Bakartiak taldea lagun zuela. “Gorakada” izena du estreineko diska honek baina bigarrengo bat prestatzen ari dela aitortu zuen Anttonek. Gainera, etorkizun hurbileko diska berri horretako kanta zoragarri bat entzuteko parada izan genuen. Primizia dotorea!

Doinu folk, rock eta poperoak uztartzen ditu Anttonek. Abestien letrak nostalgia, melankolia eta amets egiteko parada iradokitzen dute. Ahots goxoa du eta taldekideek ere laguntzen dute bigarren ahots batekin.

Abesti asko biografia pertsonalaren zati dira. Kanta bakoitza aurkezteko garaian, horrela kontatzen zigun ikus-entzuleoi. Bizitzako egoera, sentipen eta emozioei buruz hitz egiten digu Anttonek. SAINT GERMAIN, INDAR KONTRAJARRIAK, BEGITXU URDIN HORIEK, FLISCH-EKO NESKA EZEZAGUNA, … Kanta ederrak, batzuk baladak eta beste batzuk erritmo handiagoarekin abestutakoak. Baina guztiak emozio eta benetako sentipenez idatzi eta kontatutakoak.

Diskoaren izenak iradokitzen duen bezala, ea Anttonen ibilbide profesionalak “Goraka” jarraitzen duen. Zorte on!

miércoles, 26 de enero de 2011

Antton Aranburu izango da gaur Kafe Toreron

Zarauzko Kafe Torero kultur egitasmoaren barnean Antton Aranburu musikaria izango da "Gorakada" bere estreineko diska  aurkezten. Gaueko 21:30etan hasiko da emanaldia Euskalduna tabernan.

Antton Aranburu ez da bakarrik egongo oholtza gainean, izan ere, zuzeneko kontzertu hauetan Bidaiari bakartiak taldeak laguntzen dio: Juanma Gereñu (gitarra elektrikoa), Danilo Foronda (baxua), Kepa Martinez de Albeniz (teklatuak) eta Iker Uriarte (bateria).

Antton Aranburu, Gasteizen bizi den Busturiako bakarlaria da. Iazko Durangoko azokarako atera zuen "Gorakada" disko hau ELKAR zigiluarekin; bere ibilbideko lehena, hain justu. Euskaraz beti ere, nostalgia, malenkonia eta baikortasuna transmititzen dituzte abestien hitzak, folk, rock eta pop melodietan bilduta.



miércoles, 12 de enero de 2011

"Hostoak" ikuskizuna taularatuko dute Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai taldeek

Otsailean estreinatuko dute musika, kantua eta dantza uztartzen duten hiru talde hauen proiektu berria.

"Hostoak" deitzen da Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai taldeek prestatu duten ikuskizun berria. Otsailaren 19an, Donostiako Kursaal aretoan ekingo zaio Euskal Herrian zehar egingo den lehenengo bira honi.

Oreka TX taldeak musikarekin lagunduko du, Kukai taldeak dantza eskainiko du eta Amaren Alabak kantu polifonikoaren bidez uztartuko du proiektuaren esentzia. Mireia Gabilondo eta Igor Otxoa (Oreka Tx-eko partaidea) arduratzen ari dira ikuskizunaren zuzendaritzaz, eta Jon Maya ari da koreografiarekin lanean.

Ikuskizunean artista askoek hartuko dute parte;
- dantzarien artean, Jon Maya/Ibon Huarte, Alain Maia, Urko Mitxelena, Eneko Gil, Nagore Indakoetxea eta Nerea Vesga.
- kantariak: Maider eta Graxi Bedaxagar, Lüxi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriart eta Maika Etxekopar.
- musikariak aldiz, Harkaitz Mtex. De San Vicente, Igor Otxoa, Mikel Ugarte, Iñigo Egia, Mixel Ducau eta Juanjo Otxandorena.

Otsailaren 19an Donostian izango da estreinaldia eta ondoren Euskal Herritik bira bat egiten hasiko dira. Ondoko hauek izango dira datak eta tokiak:
- otsailak 19: Donostiako Kursaal auditorioa
- otsailak 25: Baionako Antzokia
- otsailak 26: Iruñeako Gayarre antzokia
- martxoak 16: Bilboko Arriaga antzokia
- martxoak 31: Gasteizko Principal antzokia