jueves, 14 de octubre de 2010

Lagun arteko uretan murgildurik

Urriaren 8an jo zuten Reservoir Piraña taldekoek lehen kontzertua Zumaiako Itzurun tabernan. Lehena eta azkena, izan ere kontzertu bakarra emateko sortua den taldea dugu hau. Helburu bakarrarekin elkartutako lagun talde baten ekimena dugu. Jon Fernandez abeslariaren hitzetan: "talde honen sorrera puntuala izan da. Kontzertu bat eskaintzeko aitzakian elkartu garen lagun koadrila bat gara. Reservoir Piraña kontzertu bakarreko talde bat da. Ongi pasatzeko talde bat, musika eginez gozatzekoa eta horixe egin genuen pasadan ostiralean".

Kontzertu akustikoa eskaini zuten han bildutako lagun jendeari. Ikusleak pozik agertu ziren taldeak eskainitako abestiekin. Giro polita nabarmendu zen Itzurungo atmosferan. Taldeak abesti bertsionatuak jo zituen. Horien artean, Stealer Wheel-en "Stuck in the middle with you" (Reservoir Dogs filmean agertzen den abestia, hortik taldearen izena), Señor NO-ren "Otro lugar", Nacy Sinatraren "These boots are made for walking", Kuraiaren "Ni ere", etabar.

Inprobisazioarentzako tartetxoa izan zuten. Blues doinuak jo zituzten eta ikusleen parte hartzea sustatu zuten "nik gona motza nayo" esaldia esanez eskatuz.
Reservoir Piraña 5 pertsonek osatu zuten;  Beñat Fernandez (gitarra), Luis Garcia (baxua), Iñaki Galarraga (bateria), Iñaki Urreizti (tronpeta) eta Jon Fernandez (ahotsa eta gitarra).

Garai batetan, taldekide hauetako batzuek Paukoiat izeneko musika talde bat izan zuten . Bertako partaideak Beñat Fernandez, Luis Garcia eta Iñigo Erkiaga abeslaria ziren. Azken hau taularatu egin zen eta euren abesti bat eskaini zuten sorpresa gisa. "Patxi Crazy" jo zuten eta ikusleek garai bateko taldearen esentziaz gozatzeko aukera izan zuten. Ea berriro elkartu eta abesti sorta berriak eskaintzen dizkiguten!!! Hori lortu bitartean, hona hemen "Patxi Crazy" abestu zuteneko momentua. Gozatu!!!



No hay comentarios:

Publicar un comentario