lunes, 31 de enero de 2011

IV. Euskal soziolinguistika jardunaldia otsailaren 18an Donostian

Soziolinguistika Klusterra proiektuaren baitan, otsailaren 18an Donostiako Miramon Zientziaren Kutxagunean IV. Euskal soziolinguistika jardunaldia izango da.


Jardunaldi hau batez ere hausnarketa teorikoan eta maila aplikatuan euskalgintzan ari direnei zuzentzen zaie. Hau da, unibertsitateko eta eskoletako irakasleei, ikerlariei eta lan munduan eta administrazioan euskararen normalizazioan lan egiten dutenei. Horretarako, hitzaldi, lan-saio, mahai-inguru eta elkarrizketak izango dira.


Izen emateko epea otsailaren 15ean amaitzen da orrialde honetan. http://www.soziolinguistika.org/eu/node/4421

Egitaraua eta hizlariei buruzko informazioa ere web orrialde horretan jaso daiteke.

jueves, 27 de enero de 2011

Airezko globoen gisan “Goraka”

Antton Aranbururen kontzertuan egoteko zortea izan nuen bart Zarautzen. Leku intimoa, publiko selektoa eta ahots eta musika doinu itzelak! Atmosfera polita sortu zen Zarauzko Euskalduna tabernan.


Antton Aranburu Busturian jaio baina Gasteizen bizi den musikaria da. Lehenengo diskaren abestiak aurkeztu zituen Bidaiari Bakartiak taldea lagun zuela. “Gorakada” izena du estreineko diska honek baina bigarrengo bat prestatzen ari dela aitortu zuen Anttonek. Gainera, etorkizun hurbileko diska berri horretako kanta zoragarri bat entzuteko parada izan genuen. Primizia dotorea!

Doinu folk, rock eta poperoak uztartzen ditu Anttonek. Abestien letrak nostalgia, melankolia eta amets egiteko parada iradokitzen dute. Ahots goxoa du eta taldekideek ere laguntzen dute bigarren ahots batekin.

Abesti asko biografia pertsonalaren zati dira. Kanta bakoitza aurkezteko garaian, horrela kontatzen zigun ikus-entzuleoi. Bizitzako egoera, sentipen eta emozioei buruz hitz egiten digu Anttonek. SAINT GERMAIN, INDAR KONTRAJARRIAK, BEGITXU URDIN HORIEK, FLISCH-EKO NESKA EZEZAGUNA, … Kanta ederrak, batzuk baladak eta beste batzuk erritmo handiagoarekin abestutakoak. Baina guztiak emozio eta benetako sentipenez idatzi eta kontatutakoak.

Diskoaren izenak iradokitzen duen bezala, ea Anttonen ibilbide profesionalak “Goraka” jarraitzen duen. Zorte on!

Euskararen garabide estilistiko eta funtzionala multimedia alorrean

Egungo komunikabideen erronka interneteko testuek (ahozko nahiz idatzikoek) kalitate linguistikoa ez galtzea da. Izan ere, internetera zuzenduriko testuak ezin dira kalitate baxukoak izan, hain zuzen, interneterako direlako.

Pentsatu daiteke, interneteko testuak erraz eta azkar kontsumituak izan daitezen sortuak direnez, kalitatea galdu dutela egunkarian agertzen den edozein albisterekin konparatuta. Baina ez da horrela! Edo ez du horrela izan behar behinik behin. Interneteko testuek kalitate bera izan behar dute gainerako euskarrietan dauden albiste edo informazioekin alderatuta. Komunikabideen erronka hor dago eta baita prestigioa lortzeko edo mantentzeko aukera ere.

Hori dela eta, testu hauen interaktibitatean, zabalkundean eta konektibitatean esaterako, eduki linguistikoak zaindu beharreko alorrak dira. Albiste baten zabalkunerako, ahalik eta ondoen finkatu behar da kalitate linguistikoa. Produktuaren zabalkundea gero eta hedatuagoa izateko, kalitatea bermatu egin behar da.
Konektibitatearen kasuan ere gauza bera gertatzen da. Hipertestuen bidez, informazio batetik bestera igarotzen gara, eta guk, bi informazio horiek kalitate antzekoa duten bermatu behar dugu. Horrela, hartzailearen ezaugarri soziolinguistikoek ulertuko duten pentsatu behar dugu. Izan ere, interaktibitatean, hartzaileak hartzen du parte eta nahiz eta hemen, hartzailearen kalitate linguistikoak ezin ditugun kontrolatu, ez da aukera txarra erregistratzeko beharra egotea zenbait web guneetan.

Beraz, testuak sortzeko garaian kalitatea zaindu beharrreko faktorea dugu. Behar beharrezkoa gainera! Horretarako, hainbat kontsulta gune dauzkagu eta tresna hauek ikastea ere garrantzitsua da. Zalantzak argitzeko elementu garrantzitsu eta interesgarriak baitira.

Tresna eta baliabide linguistikoen analisia

Harridura sentitu dut hainbeste baliabideren inguruan aurkitu naizenean. Ohikoak diren Xuxen, Hiztegi 3000 eta Euskaltzaindiaz gain, hainbat tresna ezagutu berri ditut. Guztiak baliagarriak eta eraginkorrak. Zer esanik ez gainera guretzat, komunikatzaileentzat!

Hizkuntza arauak azaltzen dituzten web orrialdeak, euskalkiak ezagutarazten dituztenak, terminologiak kontsultatzeko aukerak eskaintzen dituztenak, corpus ezberdinak, egungo ereduzko prosan hobesten diren esaldi edo hitzak, ...

Baliabide eta tresna asko ditugu esku artean. Arazoa beharbada, erabiltzaileen ez-jakintasunean aurkitzen da. Hainbeste aukeren artean, eta erabiltzailearen kontsulta mailaren arabera, tresna bat edo beste aukeratu behar izaten da. Honek, denbora galtzea suposatzen du askotan (ez bada ongi ezagutzen tresna); batean begiratu, beste kontsulta orrialde batean, corpus honetan, ... azkenean, kontsultatzeko zalantza hori beharbada ez da asetzen!

Ondorioz, tresna eta baliabide hauek zalantzak sortu baino lehen ezagutaraztea komeni da. "Saltseatu", beharra sortzen denerako prestatuak harrapa gaitzan!

Kalitatezko euskararen hatsarreak

Euskarazko testuen kalitatea erabakitzeko 3 parametro nagusi daude: zuzentasuna, jatortasuna eta egokitasuna.
Zuzentasuna, hizkuntzaren alderdi formalei dagokio. Hau da, arauei.
Jatortasuna berriz, norbanakoak jaso duen euskarari egiten dio erreferentzia; ikasi duena, usadioari dagokiona.
Egokitasuna aldiz, helbururako erabiltzen den euskarari esaten zaio. Sujetuak duen helburuaren arabera esango da hizkuntza egoki erabili duen edo ez, alegia.

3 parametro hauek zehazten dute euskararen kalitatea. Zuzentasuna, hizkuntza ikastearekin batera dator. Hizkuntza bera menperatuta izan ezkero ere, ez da ziurtatzen zuzentasuna ehuneko ehunean baina hizkuntzaren arauak, hizkuntza bera ikastean datozen legeak dira.

Jatortasunarekin gauzak aldatzen dira. Euskararen kasuan are gehiago; izan ere, hainbat euskalki ezberdin daude Euskal Herri osoan! Gizabakoaren maila soziolinguistikoak eta adinak ere jatortasunean eragiten du. Hots, ez dute berdin hitz egiten gazte edo heldu batek.
Euskalkiak aberatsak dira herri batentzat. Aniztasuna adierazten dute eta hori aberasgarria eta interesgarria da. Arazoa euskalki ezberdineko pertsonen artean hizkuntzaren kalitatea aztertzerakoan sortu daiteke. Alegia, euskalki ezberdineko batek ezin izango du beste euskalkia jatorra den edo ez adierazi, ez baitu kontrotzen edo ezagutzen. Gainera, zenbait alorretan euskararen jatortasuna erabiltzea ez da komeni. Esaterako, komunikabideetan. Kasu honetan, batasuna hobesten da; hau da, euskara batua. Salbuespenak daude, Wazenmank edo Oilategia esaterako. Bertako protagonistek euskara jatorra erabiltzen dute eta guztiz onartua dago. Umorea euskalkietan hobeto ulertzen da eta eraginkorragoa da. Bestela artifiziala geratuko zen ...

Egokitasunaren kasuan, norbanako bakoitzak aukeratu behar ditu euskararen baliabideak kasu bakoitzetarako. Horren arabera erabakiko da ahozko nahiz idatzizko testua kalitatezkoa den ala ez. Ez da hautaketa erraza izaten, baina sujetuak duen helburuaren arabera, egokitzeko gaitasuna landu behar du bai hizkuntzarekin, gorputz adierazpenarekin ...

miércoles, 26 de enero de 2011

Antton Aranburu izango da gaur Kafe Toreron

Zarauzko Kafe Torero kultur egitasmoaren barnean Antton Aranburu musikaria izango da "Gorakada" bere estreineko diska  aurkezten. Gaueko 21:30etan hasiko da emanaldia Euskalduna tabernan.

Antton Aranburu ez da bakarrik egongo oholtza gainean, izan ere, zuzeneko kontzertu hauetan Bidaiari bakartiak taldeak laguntzen dio: Juanma Gereñu (gitarra elektrikoa), Danilo Foronda (baxua), Kepa Martinez de Albeniz (teklatuak) eta Iker Uriarte (bateria).

Antton Aranburu, Gasteizen bizi den Busturiako bakarlaria da. Iazko Durangoko azokarako atera zuen "Gorakada" disko hau ELKAR zigiluarekin; bere ibilbideko lehena, hain justu. Euskaraz beti ere, nostalgia, malenkonia eta baikortasuna transmititzen dituzte abestien hitzak, folk, rock eta pop melodietan bilduta.



lunes, 24 de enero de 2011

2011ko Bertso Eguna larunbatean Donostian

Urtero legez, badator bertsoaren festa nagusia. Aurtengo Bertso eguna hilaren 29an, larunbatean, ospatuko da Donostian. Goizetik hasiko da festa Donostiako Alde Zaharrean, arratsaldean bertso saioa izango da Kursaalean eta bukatzeko, afaria bertako NiNeu jatetxean.

Kamaleoia izango da aurtengo Bertso Egunaren irudia. Narrasti honek eta bertsolariek antzekotasun handiak dituzte. Izan ere, kamaleoia egokitu egiten da ingurunera eta baldintza ezberdinetara. Bertsolariek ere horretarako gaitasuna dute. Hots, eskura dituen baliabideak komeni zaizkion moduan erabiltzeko gai izan behar du.

Egun osoan zehar bertso doinuak egongo dira entzungai Donostian. Goizeko 12etan kalez-kalezko bertso poteoa izango da Alde Zaharrean. Arratsaldeko 18tan berriz, eguneko saio garrantzitsuena izango da Kursaaleko areto nagusian. Bi ordu iraungo duen bertso saioa; 16 kamaleoiekin.
Festarekin bukatzeko, bertso afariaz gozatzeko aukera izango da Kursaalen dagoen NiNeu jatetxean. Afalondoan bertso eta sorpresa gehiago...

Afaltzeko sarrerak agorturik daude baina arratsaldeko saiorako oraindik geratzen dira. Horretarako, http://www.bertsosarrerak.eu/ helbidera jo behar da.

Aurrerapen gisa, hona hemen iazko afalosteko saio polit bat!







sábado, 22 de enero de 2011

Ahozkotasunaren integrazioa multimedia produktuetan (8.zeregina)

Multimediaren mundu honetan bideoak, audioak, argazki galeriak ... ongi errotuta dauden euskarriak dira. Baina arazoa kazetari multimedian dago. Zer gertatzen da sujetu honekin? Oraindik, kazetari batek idazten duela testua eta beste batek ekoitzi ikus-entzunezko produktua.

Hau aldatu beharra dago. Kazetari bakar batek egin behar du informazio guztia. Hau da, informazio guztitik banatu behar du zer doan idatzizko testura, zer ikus-entzunezko produktura, zer argazki bezala, ... Horrela, informazioa hobeto antolatua geratzen da, argiagoa eta aberatsagoa. Izan ere, oraindik komunikabide askotan idatzizko testua eta bideoan agertzen den informazioa bera izaten da. Honek ez dio multimediatasunari aurrerakuntzarik suposatzen. Beraz, konponbidea informazioa zatikatzean eta euskarri ezberdinetan ematea da. Horretaz gain, euskarriak ongi kokatzean dago gakoa. Bideo asko esaterako, independienteki kokatzen dira webguneetan. Honek bilaketak oztopatzen ditu. Beraz, integratuak ezartzen saiatu behar gara.

Kazetariak ere erronka berrien aurrean daude. Informazioa jasotzeaz gain, ongi antolatzen eta euskarri ezberdinetan ipintzen saiatu behar dira. Honek, teknologia berrien jakitun izatea suposatzen du eta beraz, birziklapena sustatu beharra dago etorkizunari aurre egiteko!

viernes, 21 de enero de 2011

Korrika 17ren aldeko festa hasi da!

Korrikak aurten 17.edizioa izango du. Apirilaren 7an Trebiñun hasi eta 17an Donostian amaituko da. Hamar egunez Euskal Herriko txoko guztietatik igaroko da euskararen aldeko festa jendetsu hau.

Baina hil honen 28tik aurrera, Korrika Kulturalari egingo zaio tartea.  «Euskal Herriak AEKri ematen dion laguntza horretatik apurtxo bat euskal kulturaren bidez itzultzeko». Horrela, hainbat ekitaldi, estreinaldi eta kontzertu egongo dira ikusgai.

Bestalde, eta berrikuntza modura, lehiaketarako tartea zabaldu dute estreinekoz antolatzaileek. Alde batetik bideo laburren sariketa egongo da, eta beste aldetik, bakarrizketena; Euskalaklip eta Euskalaketa, hurrenez hurren.

Euskalaklipen helburua 17. Korrikaren leloa, hau da, Maitatu, ikasi, ari... euskalakari, ahalik eta gehien zabaltzea da. Otsailaren 25era arte izango da lanak aurkezteko epea.
Euskalaketaren xedea aldiz, Euskal Herriko euskalakaririk onena hautatzea da. Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin elkarlanean antolatu dute lehiaketa hau, eta honekin, euskarazko antzerkizaletasuna sustatu nahi da. Kanporaketak herrialdeka egingo dira eta final nagusia apirilaren 17an izango da Donostian.

Korrikako abestia Gose talde arrasatearrak egin du eta Euskalakari deitzen da, hain zuzen ere.

miércoles, 19 de enero de 2011

Ahozko zibergeneroak: erreportaje multimediaren bereizgarriak (7.zeregina)

Egungo erreportaje multimediek, 4 faktore hartu behar dituzte aintzat bideragarriak izateko. Hala nola; hipertestua, multimediatasuna, interaktibitatea eta kokapena.

Lau alor hauek berebiziko garrantzia dute erreportaje bat egiteko garaian. Erabaki egokiak hartu behar dira, zorroztasunez jokatu behar da. Izan ere, kontsumitzaileek gure produktua kontsumitu dezaten lortu behar dugu, bidea erraztu egin behar diegu. Horretarako hain zuzen, hipertestuaren erabilera zuzentasunez landu behar dugu. Gure produktua josi egin behar da gainerako informazio edo produktuekin; elkarlotu egin behar da.

Bestalde, multimediatasunaren zioa ongi aukeratu behar da. Hots, informazioaren artetik aukeratu egin behar da zer doan euskarri bakoitzera. Ez da informazio bera euskarri guztietan errepikatu behar (euskal komunikabideetan gertatzen den bezala). Aitzitik, produktu bakar horren informazio guztia zatitu egin behar da euskarri banatan.

Interaktibitatea aldiz, nahiko landuta dagoen arlo bat da. Kontsumitzaileek oro har, euren iritzia plazaratzeko lekua izan ohi dute komunikabideetan eta hori eskertzekoa da. Orain, komunikazioa elkarreraginzkoa da, eta horrek, aberatsagoa izatea ekartzen du.

Bukatzeko, kokapenaren garrantzia aipatuko dut. Izan ere, produktua kontsumitzeko garaian, kokapenak berebiziko aipamena du. Lehenik eta behin, zein webgunetan kokatu nahi dugun pentsatu behar da, eta ondoren, webgune bertan zein tokitan joango den. Hots, erreza izango ote den aurkitzea edo ez. Hau, hipertestuekin oso loturik doa. Izan ere, hipertestuak ongi ezartzen badira, produktua kontsumitzeko errazagoa izango da!

Azken ondorio gisa, ziberkomunikabideak lan asko ari dira egiten alor honetan. Multimediatasunaren inguruko apustu garbia da eta euskal gizartean ere gero eta gehiago ikus dezakegu. Eskertzeko moduko lana da. Gure kasuan, baliabideak ez dira hain onak (Espainiako komunikabide batzuek bezala), baina orain arteko lana txalotzeko moduakoa da eta hemendik aurrera ere, esparru honetan lan egiteko aukera zabaldu beharra dago. Ea guztion artean lortzeko gai garen!

martes, 18 de enero de 2011

"Beranduegi" euskarazko Web TB berria

"Beranduegi" deritzo, euskarazko Web TB berriari. Gaurtik aurrera, eta astero, jarriko du martxan ARGIAk internetera egokituriko telebista saio hau. Beste aurrerapauso bat beraz, ARGIAk multimediatasunari eginiko apustu honetan!

Hasiera honetan, hamar minutuko saioa izango da eta astero egongo da ikusgai ARGIAko web orrialdean. Umore ikutua izango du; freskotasuna izango du ardatz baina era guztietako gaiak jorratuko dira. Hala nola, 
aktualitateari errepasoa, analisiak, elkarrizketa eta erreportajeak, ARGIA.com-eko blogarien idatziak...

Atal ugari izango ditu programak eta tartean, internautei zuzenduriko lehiaketa egongo da. Sari potoloak lortzeko aukera izango dute ikusleek: bi lagunentzako asteburu-pasak nekazal etxe eta hoteletan, bazkari edo afariak...

Hemen, bideo promozionala!


lunes, 17 de enero de 2011

Ahozko zibertestu baten sorrerarako hartu behar diren erabaki linguistiko-diskurtsibo garrantzitsuenak (2.zeregina)

Ahozko zibertestu baten eraikuntzan, lehenik eta behin gaia aukeratu behar da; hau da, zertaz edo zerren inguruan hitz egin nahi dugu? Izan ere, gaiaren arabera, gure ahozko testuaren kokapena zehaztu edo mugatu egingo dugu. Ildo honetatik, gure produktu honen euskarria zehaztuko dugu eta horren barnean non kokatuko dugun.

Ahozko testuaren kokapena erabakitzea oso garrantzitsua izan ohi da. Haatik, hartzaile potentzialen ezaugarriak aztertzeko aukera ematen du. Horren arabera jakina, diskurtsoaren nondik norakoak bidera ditzazkegu. Gure produktuko pertsonaiaren ahozkotasuna lantzea ere suposatzen du honek; hala nola, protagonistaren diskurtsoa nola izango den. Hots, euskalkia erabiliko du? Jasoa edo ez jasoa? Berarentzat erosoa da? Sinesgarria da? Zein tonutan hitz egingo du? (Intentsitatea/ azkartasuna/ lokuzioa/ komunikazio ez berbala zaindu/ bat-batekotasuna erabili edo aurretik prestatu). Hainbat faktore eta alor zehaztu behar dira beraz ahozkotasunaren diskurtsoan.

Bestaldetik, irudia eta ahotsaren arteko uztarketa ongi egitea komeni da. Beraz, diskurtsoaren ibilbidean kontutan hartzeko beste ezaugarri bat da honako hau.

Azkenik, multimediatasunaren onurak gure produktuan barneratzeko garaia heltzen da. Honela, interaktibotasuna eta hipertestuen balia aztertzeko unea sortzen da. Hots, hipertestuak ongi kokatu ditugu gure produktuan? Ongi heltzen gara gure produktua ikustera? Bilaketetan erraz aurkitzen da? Hartzaileekin interaktibitatea ongi lantzen da? Hartzailearen profil linguistikoan ongi barneratzen da interaktibotasuna? Gure produktua integratua dago, edo justaposizioan?
Zabalkuntzarako estrategiak ere kontutan hartu behar dira. Produktuaren hitz gakoak atera, sare sozialetan zabaldu, …

Ondorioz, ahozko zibertestu bat bideragarria izan dadin hainbat erabaki linguistiko-diskurtsibo hartu behar dira. Ahozkotasuna lantzea ezinbestekoa da gure produktua ulergarria eta interesgarria izateko baina hausnarketa honetan esan dudan moduan, beste hainbat alor kontutan hartzekoak dira. Hauek guztiak ongi betez, produktuak balioa izan dezan lortu dezakegu!

sábado, 15 de enero de 2011

Euskarazko MM&D hedabideen testuinguru soziolinguistikoa

Euskal Herriko IV. Inkesta soziolinguistikoa aztertuz, euskarazko hedabideei motibaziorako eta esperantzarako zirrikitu bat zabaltzen zaiela ematen du. Argi izpi horrek aditzera ematen du euskarazko komunikabideek gero eta kontsumitzaile gehiago izan ditzaketela eta horrek nolabaiteko esperantza eta gogoa ekartzen du.

Datuek amets egiteko aukera ematen digute! Izan ere, nahiz eta herritarren artean lehen hizkuntza erdara dutenak oraindik nagusi diren Euskal Herriko lurralde eta adin-talde guztietan, Euskal Herriko biztanleen %25,7a elebiduna da, %15,4a elebidun hartzailea eta %58,9a erdaldun elebakarra. Datu hauek gainera, urteen poderioz, hazten ari dira eta baita euskararen irabaziak ere. Hots, lehen hizkuntza euskara edo euskara eta erdara izan duten gehienek, euskara gorde dute eta elebidunak dira egun. Honek, euskararen transmisioa ahalbidetzen du, jakina. Gazteak dira gainera, egun euskara gehien erabiltzen dutenak; zaharrenekin batera.


Baina zer gertatzen da datu hauek lurraldeen arabera bereizten baditugu? Desokera nabarmena da. Alegia, euskara Gipuzkoan eta Bizkaian hitz egiten da gehienbat. Araban, Nafarroan eta iparraldean erdal hiztunak nagusi dira. Beraz, zer lortu behar dute hedabideek? Zein da euren helbururik behinena? Komunitate hauetara egokitzea eta euskara erabil dezaten lortzea. Alde horretatik, estrategia ezberdinak lantzeko unea da; motibazioa sustatzekoa. Azken finean bestela, Gipuzkoan eta Bizkaian soilik jarraituko baitute euskarazko hedabideak kontsumitzen. Eta, hain zuzen, lurralde hauetan euskarak besteetan baino arrisku gutxiago ditu epe motzera begira behintzat.

Zein da baina erabili beharreko errezeta? Neuk jakingo banu! Ezaguna da mundu bisual batetan bizi garela, beraz euskal hedabideek atal honetan jarri beharko lituzkete euren esperientzia, ilusio eta gogo guztiak; hau da, produktu berriak sortzen, multimedia lantzen. Bestelako komunikazioa sustatzean dago gakoa; originalak izan behar dugu, ezberdinak izateari xarma aurkitu behar diogu;  erabiltzaileen arreta geureganatu behar dugu … Ikus gaitzatela lortu behar dugu!

Euskal hedabideek erronka zailak dituzte aurrean, baina lehen esan bezala, datuak alde daude eta euskara normalizazio prozesu batean sartzen ari da pixkanaka. Hauxe da momentua! Ekin diezaiogun bada!

miércoles, 12 de enero de 2011

"Hostoak" ikuskizuna taularatuko dute Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai taldeek

Otsailean estreinatuko dute musika, kantua eta dantza uztartzen duten hiru talde hauen proiektu berria.

"Hostoak" deitzen da Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai taldeek prestatu duten ikuskizun berria. Otsailaren 19an, Donostiako Kursaal aretoan ekingo zaio Euskal Herrian zehar egingo den lehenengo bira honi.

Oreka TX taldeak musikarekin lagunduko du, Kukai taldeak dantza eskainiko du eta Amaren Alabak kantu polifonikoaren bidez uztartuko du proiektuaren esentzia. Mireia Gabilondo eta Igor Otxoa (Oreka Tx-eko partaidea) arduratzen ari dira ikuskizunaren zuzendaritzaz, eta Jon Maya ari da koreografiarekin lanean.

Ikuskizunean artista askoek hartuko dute parte;
- dantzarien artean, Jon Maya/Ibon Huarte, Alain Maia, Urko Mitxelena, Eneko Gil, Nagore Indakoetxea eta Nerea Vesga.
- kantariak: Maider eta Graxi Bedaxagar, Lüxi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriart eta Maika Etxekopar.
- musikariak aldiz, Harkaitz Mtex. De San Vicente, Igor Otxoa, Mikel Ugarte, Iñigo Egia, Mixel Ducau eta Juanjo Otxandorena.

Otsailaren 19an Donostian izango da estreinaldia eta ondoren Euskal Herritik bira bat egiten hasiko dira. Ondoko hauek izango dira datak eta tokiak:
- otsailak 19: Donostiako Kursaal auditorioa
- otsailak 25: Baionako Antzokia
- otsailak 26: Iruñeako Gayarre antzokia
- martxoak 16: Bilboko Arriaga antzokia
- martxoak 31: Gasteizko Principal antzokia







martes, 11 de enero de 2011

Harkaitz Cano izango da Zumaiako literatur ikastaroan irakasle

Harkaitz Cano idazle ezaguna izango da otsailaren 5ean hasiko den literatur ikastaroko irakaslea. Irakasle dotorea izango da Zumaian beraz! Otsaileko lau larunbatak hartuko ditu ikastaroak eta parte hartze handia izateko esperantza dute antolatzaileek.

Urtero legez, Zumaiako Euskara Zerbitzuak antolatutako ikastaroa dugu eta aurten, Forondo Kultur etxean eskainiko dira saioak. Otsailaren 5an hasi eta 26arte iraungo du ikastaroak. Guztira 12 orduko tailerra izango da; lau larunbatez, goizeko 10:00etatik 13:00etara.

Izen emateko epea jadanik zabalduta dago eta urtarrilaren 21erarte luzatuko da. Horretarako, Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzura joatea besterik ez dago! Telefonoz eta e-postaz ere eman daiteke izena; 943865025 telefonoan edo euskaratxanpan@zumaiakoudala.net helbidean, hain zuzen ere.

Matrikulak 30 euro balio du eta plaza kopurua mugatua da (16 lagun).





martes, 4 de enero de 2011

"Zigortzaileak" euskal filmaren estreinaldia bihar EAEko hiriburuetan

Haurrak protagonista diren lehen euskal filma dugu "Zigortzaileak". Eskolan burutzen diren tratu txarrak ditu oinarritzak pelikulak. Atzo egin zuten prentsaurrekoa Bilbon eta bihar, urtarrilak 5, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako zinemetan egongo da ikusgai.

Arantza Ibarra dago film honen atzean bai gidoilari eta zuzendari bezala. Azken lan honetarako Alfonso Arandiaren laguntza ere izan du. Filmaren oinarria bullyng-a, eskola jazarpena da baina era dibertigarri eta entretenigarri batean dago kontatua. Bizkaiko hainbat herritan dago grabatua eta 7 haur dira istorioko protagonistak. Hain zuzen, beste haur batzuek eskolan jasaten duten jazarpenaren aurrean nazkatuta, talde sekretu bat sortzea pentsatzen dute ekintza horri aurre egiteko.

Kasting jendetsua eta mamitsua izan zen. 1200 haur baino gehiago aurkeztu ziren probetara eta tartean, aktore ezagunak ere agertzen dira. Hala nola, Anne Igartiburu, Carlos Sobera, Loli Astoreka, Xabier Elorriaga...

Arazo sozial bat hobeto ezagutarazko balio duen filma dugu hau eta EITBren parte hartzea eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak jaso ditu.