miércoles, 13 de octubre de 2010

Ziberegunkarien interaktibitatearen inguruko analisiaren ondorioak

Egungo gizarte multimedia eta zibernetikoan, egunkariak irakurtzeko ohiturak aldatu edo berritu behinik behin, egin dira. Egunkari beraiek paperezko edizioa izan arren, interneteko edizioa, hots, digitala izatera pasa dira. Horretaz gain, egunkari askoek edizio digitala soilik argitaratzen dute. Begira nolako aldaketa! Honek noski, kontsumitzaileen ohiturak aldatu egin ditu eta orain, irakurlea ez da irakurle soila. Izan ere, albisteak bidali ditzake zibermediora, argitaratuta dauden albisteei iruzkina egin, foroetan euren iritzi plazaratu, etabar luze bat.

Ziberegunkari gehienak garai “moderno” hauetara oso ongi egokitu dira eta era guztietako aukerak eskaintzen dizkie kontsumitzaileei. Hala eta guztiz ere, ezberdintasun batzuek badaude. Analisi honetarako aukeratu ditudan zibermedioak 3 tirada eta hedadura ezberdinetakoak dira. Lehenengoa herri mailakoa da, Zumaiako Baleike herri aldizkariaren web orrialdea. Bigarrena, El Pais egunkariaren edizio digitala eta azkenik, Txileko tirada handiena duen egunkariaren interneteko helbidea, hots, El Mercurio egunkaria (interneteko helbiderako emol deitzen dena).

Ondorioztatu dudan ezaugarririk esanguratsuena da El Mercurio egunkariak ez duela interaktibitaterako urrats handiegirik egin. Baleike hedabide lokalak eta El Pais egunkariak aldiz, herritarren parte-hartzeari garrantzi handia ematen die. Baleike esaterako, Zumaiako herriarentzat eginiko hedabidea dugu eta hortaz, herritarren parte hartzea ezinbestekotzat jotzen dute. Lehendabiziko lana bertan erregistratzea da eta behin hori eginda, irakurle berak bidali ditzake albisteak, beste berri batzuei iruzkinak egin, bozkatu, inkestetan iritzia eman, etabar. Albisteak gorde eta elkarbanatzeko aukera ere eskaintzen dute eta sare sozialetan aurkitu dezakegu.

El Pais egunkariak ezaugarri bertsuak eskaintzen ditu. Hau da, Baleikeren zerbitzuez gain, beste batzuek ere bai. Blogak esaterako, biek eskaintzen duten zerbitzu aipagarria da. Izan ere, blog asko dituzte erregistratuta bi komunikabideek (erabiltzaileena nahiz kazetariena). Bien arteko ezberdintasun nagusiena El Paisek beharbada herritarren parte hartze zabalagoa eskaintzen duela da. Baleike bezala, irakurleek albisteak idatzi, iruzkindu, bozkatu etabar egin ditzake. El Paisek horretaz gain, argazkiak bidaltzeko aukera eskaintzen du. Beste zerbitzu interesgarri bat ere martxan du; notiziak emailera bidaltzeko aukera. Horrela, kontsumitzaileak web orrialdea kontsultatu beharrean, momentuan emailera edo mugikorrera jasotzen ditu eguneko berri interesgarrienak.

El Mercurio egunkariak aldiz, ez du interaktibitatearen aldeko apustu nabarmenik egin. Erabiltzaileen parte hartzea badago baina oso era sinbolikoan esan daiteke. Izan ere, kontsumitzaileek ez dute albiste bat bidaltzeko aukerarik, ezta hedabideak berak argitaratutako notiziei iruzkin bat egiteko edota bozkatzeko. Albistea bidaltzeko aukerarik ere ez da eskaintzen baina bai aldiz gordetzeko eta elkarbanatzeko. Herritarren bideoek eta argazkiek ere ez dute aukerarik argitaratuak izateko.
Blogen eta foroen sistemak arrakastu du, baina horretaz gain gauza gutxi gehiago egin ditzake erabiltzaileak. Sare sozialetan agertzen da komunikabidea.
Egia esan, erabat harritu nau egoera honek. Gure herrian eta Espainiar estatuan komunikabide guztiek lantzen duten zerbait da interaktibitatearen zeresana. Behar beharrezkotzat jotzen den zerbait da zibermedioek web 2.0 sistema aurrera ateratzea. Hots, herritarrei euren ahotsa plazaratzeko gaitasuna erraztea eta zabaltzea. Txileko hedabide honek ez du askorik landu egia esan, eta gizartearen beharrei asetzeko unea iritsiko zaie laster. Gizarte anglosajoeik orohar, ez dute oraindik interaktibitateari garrantzi askorik eman, horretan atzeratuak daude eta Txileko egunkari honek sistema anglosajoiari men egiten jarraitzen badio, ziberkazetaritzan atzeratuak geratuko dira. Gauzak aldatzeko unean daude eta ea herritarren ahotsa zabaltzeko aldeko apustu  nabarmena egiteko gai diren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario