jueves, 27 de enero de 2011

Airezko globoen gisan “Goraka”

Antton Aranbururen kontzertuan egoteko zortea izan nuen bart Zarautzen. Leku intimoa, publiko selektoa eta ahots eta musika doinu itzelak! Atmosfera polita sortu zen Zarauzko Euskalduna tabernan.


Antton Aranburu Busturian jaio baina Gasteizen bizi den musikaria da. Lehenengo diskaren abestiak aurkeztu zituen Bidaiari Bakartiak taldea lagun zuela. “Gorakada” izena du estreineko diska honek baina bigarrengo bat prestatzen ari dela aitortu zuen Anttonek. Gainera, etorkizun hurbileko diska berri horretako kanta zoragarri bat entzuteko parada izan genuen. Primizia dotorea!

Doinu folk, rock eta poperoak uztartzen ditu Anttonek. Abestien letrak nostalgia, melankolia eta amets egiteko parada iradokitzen dute. Ahots goxoa du eta taldekideek ere laguntzen dute bigarren ahots batekin.

Abesti asko biografia pertsonalaren zati dira. Kanta bakoitza aurkezteko garaian, horrela kontatzen zigun ikus-entzuleoi. Bizitzako egoera, sentipen eta emozioei buruz hitz egiten digu Anttonek. SAINT GERMAIN, INDAR KONTRAJARRIAK, BEGITXU URDIN HORIEK, FLISCH-EKO NESKA EZEZAGUNA, … Kanta ederrak, batzuk baladak eta beste batzuk erritmo handiagoarekin abestutakoak. Baina guztiak emozio eta benetako sentipenez idatzi eta kontatutakoak.

Diskoaren izenak iradokitzen duen bezala, ea Anttonen ibilbide profesionalak “Goraka” jarraitzen duen. Zorte on!

No hay comentarios:

Publicar un comentario